Suchetha Satish: «Oskorri taldearen abestia oso polita da»

  • 34 hitz |
  • 1 minutu

Munduko marka bat lortu du Suchetha Satish-ek (Kerala, India, 2005), besteak beste euskaraz abestuta. Guiness World Records erakundeak haren balentria onartu du ofizialki: kontzertu batean inoiz hizkuntza gehien erabili duen pertsona da. Oskorrik zabalduriko Kanuto abestia kantatu zuen, besteak beste.

Zergatik aukeratu duzu 120 abestietatik bat euskaraz abestea?

Nire amak jakin zuen Europako hizkuntza zaharrenetakoa zela euskara, eta, euskarazko abestiak bilatu zituenean, Oskorri taldearen Kanuto abestiarekin topo egin zuen. Abestia entzun nuenean, oso interesgarria iruditu zitzaidan. Musika eta doinua asko gustatu zitzaizkidan. 


Nola praktikatu duzu euskarazko ahoskera?

Jatorrizko abestia askotan eta arreta handiz entzunez ikasi nuen. Inork ez dit lagundu zuzen ahoskatzeko.

Noizbait entzun duzu norbait euskaraz hitz egiten?

Bai, duela gutxi euskal irrati bat entzun nuen, eta euskara oso hizkuntza berezia eta interesgarria dela iruditzen zait.

Nola bururatu zitzaizun kantatuz Guinness errekorra lortzea?

2018an, 12 urte nituela, 6 ordu eta 15 minutu baino gehiago eman nituen 102 hizkuntzatan abesten. Miamin [AEB] dagoen Munduko Errekorren Akademiak eman zidan errekor hori. Guinnessek ez die uzten 16 urtetik beherako haurrei errekor horietan parte hartzen. Horregatik, Guinness errekorraren saiakera ofiziala egitea erabaki nuen 16 urte bete eta berehala. 

Hizkuntza gutxituetan abestu nahi izan al duzu bereziki?

Mugaz haratago dagoen musika izan da nire bizitzako leloa. Hizkuntza gutxituetan ere abestu nahi nuen, mundua haien existentziaz jabetu dadin. Horregatik, hizkuntza gutxitu batzuk aukeratu nituen: euskara eta aromaniera, besteak beste.

«Hizkuntza gutxituetan ere abestu nahi nuen, mundua haien existentziaz jabetu dadin».

Suchetha Satish (abeslaria)

Norbaitek lagundu dizu hizkuntzak hautatzen?

Gurasoek lagundu zidaten abesti eta hizkuntza bereziak eta berriak hautatzen.

Zein da zure hizkuntza? Eta zer kanta aukeratu zenuen zure hizkuntzan abesteko?

Nire ama hizkuntza malajalama da. Indiako hegoaldeko estatuan, Keralan, hitz egiten da. Errekor saiakerarako, hizkuntza horretan sehaska kanta oso fin bat kantatzea aukeratu nuen, abestiak lasaitasuna transmititzen duelako.


Jatorrizko artikuluak